Urakorri

Urakorri Aralarren dago, metro gutxigatik Enirio-Aralarko Mankomunitatean kokatzen du mapak (Nafarroarekin mugan dago) eta 1304 metro ditu.

Amezketan elizako kanpaiekin batera hasi ginen oinez minetako bidean zehar gora. Bide zoragarria eta eguraldia zoragarriagoa.

Malloetan zehar ibilaldia egiteko asmoa genuen eta zuzenean Artubira igo ginen lehenengo handik Intzako Dorrerainoko bideari jarraitzeko. Gure begien zoritxarrerako Araitz bailara osoa lainopean zegoen. Hori, ordea, ondo etorri zitzaigun eguzkiaren beroa bailarako lainopetik zetorren haize freskoak arindu zuelako.

Gailurrez gailur jarraitu genuen, Beoin, Egurbide eta Aldaon igoz azkenean Intzako Dorreraino iritsi arte. Gure plana Errenaga ingurura jaitsi eta han lasai bazkaltzea izan arren, berandutu egin zitzaigun bueltan futbola ikusi nahi baikenuen. Beraz, bide seinale baten ondoan buelta eman eta beheranzko bideari ekin genion Pardeluts ingururaino. Beherago Arritzagako iturrian, bordaren ondoan, bazkari-legea egin, zintzurra freskatu eta beherako bideari ekin genion, egunari bukaera Amezketan bertan emateko.