Txameni

Txameni Nafarroako Aralarren dago eta 1299 metro ditu.

Bezperako kilometroak oinetan nituela eta abuzturako planifikatuta duguna gogoan, Aralarreko guardetxea zegoen tokiraino hurbildu nintzen igande goizez.

Handik, basoan zehar, Belokirako bideari ekin nion. Beloki igo ostean, mendilepora jaitsi eta ardi, behi eta zaldiz inguratuta, Txameni igo nuen. Bista ederrak daude bertatik iparralderantz, Intzako Dorrea dagoen tokiraino.

Handik jaitsi eta prestatutako ibilaldiari jarraitu nion Desaomendiraino. Handik, bidea utzi eta Errenagara igo nintzen lehenengo Igaratzako txaboletara jaitsi aurretik. Kantinplora urez bete eta Putterrirainoko bideari ekin nion handik. Gailurrean elkarrizketa ederra izan genuen Etxarritik igotako koadrila batekin eta berriz ere bueltako bideari ekin nion, Aralarko pagadietan zehar, Guardetxera iritsi arte.

Egunari bukaera San Migelen eman nion, sabela ondo betez.