Trekua

Trekua, edo Alto de las Bordas Viejas Nafarroako Gobernuaren izendegiaren arabera, Goñin dago Nafarroan Urbasa-Andia Parke Naturalaren ertz baten.

Pandemiak derrigortuta irteera guztiak bertan behera utzi ondoren klubak antolatu zuen lehenengo irteeran igo genuen Trekua, Lizarragako portutik Uharte Arakilera egindako irteeran hain zuzen ere.

Lizarragako portuan abiatuta, ia lau-laua da Trekuarainoko bidea. Honen aurretik dauden beste pare bat tontor egin genituen lehenengo eta erraz iritsi ginen Argitxoren buzoia duen gailurrera.

Handik Lezizagoa gailurrera abiatu ginen, justu Euskal Herriko Erdigunearen hegoaldean dagoen gailurrera. Handik erdigunera jaitsi eta ondoren Beriainera abiatu ginen. Bazkalordua zen eta Ihurbaineko puntaraino joan eta bertan bazkaltzea erabaki genuen batzuk. Ze ederra den hor gainetik dagoen bista!

Bueltan berriz Beriain egin eta Uharteko portura jaitsi ginen, bertatik Uharte Arakilera jaisteko.

Egun ederra, irteera polita eta positiborik gabekoa. Ea hurrengoa.