Saibi

Saibi Abadiñon dago eta 954 metro ditu.

Mañarian kotxea utzi eta Urkuleta auzorantz abiatu ginen. Bidean gaueko haizeak botatako pago batzuen ondarrak errepidetik kentzen ari ziren suhiltzaileak, eta auzoko bizilagunak hauek lana noiz bukatzeko zain.

Auzoaren barreneraino joan eta Iturriotz errekan gora egin genuen aldapa amaituko ez zela zirudien baso eder baten zehar gora. Perretxiko garaia zen eta batu genituen batu onddo eder batzuk. Saibi azpiko mendilepoan arnasa hartu eta azken aldapari ekin genion. Gailurrean gurutze handiaren atzean ondo babestuta egin genuen hamaiketakoa, haize gogorra zebilen. Handik Urkiolarako bidea hartu genuen.

Urkiolatik gurutzeen begiralekura abiatu ginen, eta han Untzillatx, Astxiki, Alluitz eta Anbotoko mendikatera begira txundituta gelditu ginen. Nahiz eta mila aldiz ikusi, mila aldiz txunditzen nau paisaia eder horrek.

Beherako bideari ekin genion eta Gatzagieta baserriaren ondoan, errepide nagusiaren ondoan, berriz ere zerbait jan eta Untzillatxera igotzea erabaki genuen. Bideari berriz ekin eta Untzillatxen oinera iritsi ginen. Bertan atsedenik gabeko aldapa gorantz. Atzera begiratu eta euria etorriko zela zirudien. Gorbeia estali egin zen baina gu salbatu egin ginen, haizeak ez zigun euririk ekarri.

Gailurreko argazkien ostean, Mañariarako beheranzko bideari ekin genion.

Hauxe da egin genuen ibilbidea, kontuz baina, zerbaitegatik ibilbidea Untzillatxen oinean hasi genuela esaten baitu. Zati bat ordenagailuarekin sartu behar izan nuen GPSa bateria gabe gelditu zelako, eta agian horregatik izango da.