Pardarri

Pardarri Aralarren dago eta 1396 metro ditu.

Abuztuko oporretako lehenengo asteburua eta eguraldi ona iragarrita Aralarrera abiatu nintzen, Lizarrustiko parketxera hain zuzen ere, ibilbide zirkular bat egiteko asmotan.

Lizarrustitik abiatuta Lareo urtegirantz abiatu nintzen lehenengo. Han urtegiaren horma gurutzatu eta Enirioko txaboletara doan pistarako bidea hartu nuen, markei jarraituz.

Pistara helduta, berau gurutzatu eta gailurretarantz abiatu nintzen. Lehenengo bazter baten dagoen Ondartxuri buzoia bisitatu nuen eta handik gorantz jarraitu nuen Malkorrira igoz. Handik mendikateari jarraituz Uarrain gailurra egin nuen.

Eguraldi ederra zegoenez eta oraindik goiz zenez, mendilepora jaitsi eta Ganbora igo nintzen. Egun garbi baten bista zoragarria dago Ganbotik, Aralar guztia eta Euskal Herriko hainbat txoko ere ikusten dira bertatik. Eibar ere bai, Santa Klara uhartea bistan baitago bertatik!

Ganbotik jaitsi eta parez pare dagoen Pardarri igo nuen jarraian. Beheranzko bidean Putreaitzeko gaina inguratuz Igaratzarako bidea hartu nuen.

Kuriosoa izan zen hura zeren abuztuko bigarren igandea izanik, Igaratzako Eguna zen egun hartan. Egun honetan, Aralarko San Migel aingeruaren irudia Nafarroatik Gipuzkoara ekartzen dute eta Igaratzako ermitan meza eta ondoren erromeria egoten da. Umetan behin baino gehiagotan etortzen ginen, pixka bat muturtuta, bertara. Aurten, ordea, COVID-19ak eragindako osasun egoera dela-eta, bertako ospakizunak bertan behera utzita zeuden. 12:00ak puntuan ziren Igaratzara heldu nintzenean eta jende apur bat bazegoen arren, han ez zegoen festa girorik. Norbaiti entzun nion "hau izaten denarekin, jende gehiago espero nuen, baina jendea etxean geratu da". Ba hori.

Igaratzan hamarretakoa egin eta kantinplora bete ostean, GR-121aren markei jarraiki Lizarrustirako jaitsierari ekin nion.

Hemen duzue egin nuen ibilbidea Wikilocen argitaratuta