Orixol / Oriol

Orixol edo (ofizialki) Oriol Aramaion dago eta 1132 metro ditu.

Asko gustatzen zait mendi hau. Hainbat aldiz egon naiz bertan. Kotxean Aramaioko Etxaguen auzora hurbildu nintzen. Toki zoragarria iruditzen zait auzo hau, bista paregabea eta lasai-lasaia da. Eguneroko zurrunbilotik ihes egitea nahi baduzu zoragarria.

Handik gora Lezeaga mendilepora doan bidea hartu nuen baserri dotore askoen artean lehenengo eta antzinako galtzada baten arrastoen ondoan ondoren, bukaeran zaldi batzun konpainiarekin amaitzeko. Lezeaga mendilepoan hainbat bidek egiten dute topo: Ipizte inguratuz Anbotopeko Zabalandira iritsi zaitezke. Beherako bidea hartuz Oletara. Eta ezkerrera, animaliak babesteko txabola baten ondotik GRaren markeri jarraituz Orixolera lehenengo eta Kurzeta mendatera jarraian.

Lezeagatik Orixolera doan bidea pago-baso eder baten zehar doa. Urtaro guztietan zoragarria den basoa. Bideari jarraitu besterik ez zaio egin behar, toki batzuetan bidearen arrastoa pagoen horbelekin edo inguruko hezetasunarekin desagertuta dagoela dirudien arren ez da zaila bidea jarraitzea. Noizean behin ia galdutako GRaren marka gorri eta zuriak ikusten dira arkaitz edo zuhaitzen baten. Eroritako zuhaitzak inguratuz, behelainoarekin magikoa dirudien basoan zehar aurrera egin eta momentu baten bidea utzi eta ezkerrera egin behar da gailurrera iristeko. Harrespila batek eta zuhaitz baten idatzitako letrek gidatuko gaituzte. Erreferentzia gisa bidearen punturik altuenetakoan egin behar da ezkerrera.

Gailurretik Anboto bertan-bertan ikusi dezakegu eta Udalatx ere bai, Arrasate zainduz. Eguraldi onarekin itsasoraino bista batetik, Gorbeia bestetik, Aizkorri eta Beriain ere bai.

Gailurretik jaitsi ostean, GRari jarraitu eta Santikurutz gailurra ere egin nuen izen bereko ermitaren ondoan atseden hartu aurretik. Etxaguenera itzultzeko aurrera jarraitu nuen eta mendi-bidea harri soltezko pista bihurtzen den lekuan ezkerrera egin. Han, Orixol eta Santikurutzen labarren azpitik bide eroso-askoa dago Etxaguenera itzultzeko.