Ogoño / Atxurkulu

Ogoño edo Atxurkulu Elantxoben dago eta 305 metro ditu.

Zenbat aldiz gelditu ote naiz Laga hondartzatik aho zabalik Ogoñora begira? Beti bertara igotzeko gogoa izan baina orain arte igo ez.

Eguraldi ederra zegoen, zerua urdin-urdin eta giro epela, Elantxoben hilerri ondoan bidea hasi nuenean. Bideak zuzen-zuzen zaramatza Ogoñoko talaiara, hain zuzen ere Lagako hondartzatik ikusten den gailurrera. Hara heldu baino lehen, eskumara desbideratu nintzen seinarleari jarraituz. Lehenengo zuhaitz artean, eta ondoren Urdaibain hain ezaguna den zuhaiska eta harrizko bidean zehar azkar baten heldu nintzen gailurrera. Gailurretik euskal kostaldeko bista zoragarria dago.

Berriz ere Elantxobetik datorren bidera jaitsita Talaia deitzen dioten lekuraino joan nintzen, eta han negoen hainbeste aldiz Lagatik begiratutako tokian.