Intzako Dorrea - Sollazbizkargaina

Intzako Dorrea Aralarko gailurra da bere 1430 metroekin eta Nafarroan dago, Araitzeko lurretan.

Mendi honen izenaren inguruan ohartxo bat: izen ofiziala Intzako Dorrea edo Sollazbizkargaina den arren, mendizale askok "Hirumugarrieta" izenarekin ezagutzen du. Wikipedian edo Mendikaten irakurri dezakezue gehiago izenaren inguruan.

Etxetik goiz atera eta Aralarreko guardetxera abiatu nintzen, lehengo guardetxea zegoen tokiraino. Lehen hemendik gora kotxean joan zitekeen.

Txikitan abuztuan joan ohi ginen Aralarrera. Abuztuko lehenengo igandean Aralarko San Migel aingeruaren irudia Nafarroatik Gipuzkoara ekartzen dute, Igaratzako ermita eta aterpearen ingurura. Han joaten ginen gurasoen R5 txikian aulki eta mahaiekin goraino beteta. Goiz irten eta Tolosan zehar Azpiroz gainetik Lekunberriraino, handik Guardetxera igo eta guardetxetik aurrera halamoduz kotxean. Errenaga inguruan San Migeletik zetorren komitibari ongi-etorria egin eta ondoren meza entzuten genuen han, jarraian bide bazterrean mahaia atera eta bazkaltzeko. Nere anaia eta biok muturtuta joaten ginen: "nola joango gara mendira eguraldi honekin, abuztu erdian, hondartzara joan beharrean?" Ba hori :)

Kotxea han utzita Igaratzarako bideari jarraitu nion. Tartean beste gailurtxo batzuk egin nituen eta eguraldi zoragarriarekin eguzkipean Intzako Dorreraino iritsi nintzen, bertako erpin geodesiko izugarrian hamarretakoa egitera. Egun zoragarriarekin bertaratu ginen guztiok Berianera begira pasatu genituen minutu batzuk, bezperan bertan hil baitzen mendizale bat amildegi baten behera erorita.

Itzulera Kurutzeagatik zehar egin nuen, oraingoan ere gailurrez gailur, Belokira iritsi arte. Hauxe eguneko azkenengo gailurra berriz ere Guardetxeko aparkalekura itzuli aurretik.

Egunari amaiera emateko, San Migelera joan nintzen.

Ibilbidea egiteko Wikiloc altxortegitik ateratako bi ibilbide hauek konbinatu nituen: https://eu.wikiloc.com/ibilbide-senderismo/8-cimas-de-aralar-desde-el-parking-de-guardetxe-41445787 eta https://eu.wikiloc.com/ibilbide-senderismo/sollazbizkargana-antes-irumugarrieta-o-intzako-dorrea-techo-de-aralar-desde-el-guardetxe-26599382