Dulantz

Dulantz Abartzuzako lurretan dago, Nafarroan, eta bere 1243 metroekin Urbasako mendirik garaiena da.

Eibarko Klub Deportiboaren 2019ko Artzaintza Naturbidea ibilbidea egiteko proiektuaren barnean igo ginen bertara Euskal Herriko txoko honetara lehenengo elurtea iristearekin batera.

Aste guztia eguraldi iragarpenari begira ibili ostean, gure etaparen irteerara (Artazara) helduko ote ginen ez genekiela ekin genion bideari. Azkenean Olatzagutiatik gora Urbasako kanpinerako bidea garbi-garbi zegoen, nahiz eta goialdean elurra nabaria zen mendian zein bide-bazterrean. Elurra errepidetik kentzeko kamioiek lan bikaina eginda zuten ordurako eta arazo barik heldu ginen Artazara.

Bideari ekin eta lehenengo 2 edo 3 kilometroetan zehar ez genuen ezer nabaritu baina elurretatik gero eta gertuago geunden. Momentu batetik aurrera elurra gure bidelagun bihurtu zen eta ia bidea bukatu arte izan zen gurekin.

Baso ederretan zehar aurrera egin genuen, gure oinak elurretan sartu bitartean. Toki garaienetan 15-20 zentrimetro inguruko elur kapa zegoela esango nuke baina bestela ere bide guztian zehar elurra zapaltzen joan ginen. Gailurrean hotz zegoen eta haizea zebilen, beraz argazkia atera, txartela utzi eta besterik ez genuen egin. Ia eguardiko 12ak ziren eta oraindik ere Lizarragarako bentaraino heldu behar ginen.

Beraz, Artzaintza Naturbidea osatzen duen GR-282aren marka eta posteei jarraitu genien GPSaren laguntzaz. Bideak zelai zabaletan zehar aurrera egiten zuen, guk ordea elurraren zuritasuna besterik ez genuen ikusi. Bideak baso baten sartu eta beherantz egin zuen ia errepidearen mailara jaitsi arte (Migelen Txabola deiturikoaren inguruan), hantxe bukatu zen elurra eta euria hasi.

Hala ere, bideak goranzko bidea hartu zuen berriro, ia San Adrian eta Ollide gailurren arteko mendilepora. Han eskumara egin eta zuzen-zuzen iritsi ginen Lizarragako gailurrera, 16:30ak ingurua zen. Su-beroaren ondoan zerbait bazkaldu eta eguneko jarduna eginda, pozik eta elurra zapalduta itzuli ginen Eibarrera.