Arrugaetako Atxa

Arrugaetako Atxa Zeberioko lurretan dago, Orozkorekin mugan bertan, eta 669 metro ditu.

Zeberiotik Untzetara doan bidea hartu nuen eta ia goi-goian utzi (bidea eskumara doa, nik ezkerrera egin nuen), Arrugaetako Atxera iristeko. Bide narrasa behetik gorainokoa. Lehenengo pinudian zehar, ondoren eukalipto artean, eta azkenean berriz pinu artean. Lokatza, lokatza eta lokatza. Eskerrak bazter baten bi edo hiru onddo harrapatu nituen!

Ondoren mendilepoari jarraitu nion Untzueta gailurreraino. Bideak ez du galbiderik, Untzeta han ikusten da, bere antenatzarrekin, eta bideak mendilepoari jarraitzen dio. Hasierako plana Euskal Herriko 100 mendi ederrenak proiektuko Untzuetarako ibilbidea egitea zen baina Wikilocen lagun batek komentario bat utzi zuen orain denbora asko ez dela: "Untzuetatik behera dijoan bidea nahiko zikin dao sasiz beteta eta azken zatia karreteratik nahiko arriskutsua da, gainera txakurrakin jun nintzen eta larri ibili ginen". Hori ikusita itzulera etorritako bidetik egin nuen.