Arbelaitz

Arbelaitz Zegamako lurretan dago, Aizkorri mendizerran eta 1506 metro ditu.

COVID-19 gaixotasunaren ondorioz behartutako konfinamenduaren ostean, arinaldiaren 2. fasean sartu ginen aste honetan eta hauxe izan zen goiz guztirako egin ahal izan nuen lehen irteera.

Eguraldi bikaina iragarrita izanda goiz-goiz Arantzazun kotxea ondo zainduta utzi nuen. Hura autokarabana, furgoneta eta kotxe pila!

Urbiara igo eta handik Arbelaitz eta Iraule arteko bidetik abiatu nintzen (Zegama-Aizkorri mendi-maratoia jaisten den bidetik). Mendilepora iritsi eta Arbelaitzera jo nuen. Ondoren nire pausoen gainetik itzuli eta Aizkorrirantz egin nuen, bideko tontorrak eginez: Iraule, Aketegiko erpina, Aketegi, Aitxuri eta Aizkorri. Handik beherakoan Aiztontor altuna ere egin nuen, bidean zegoelako besterik ez bada ere.

Egun ederra konfinamenduari amaiera emateko.