Alluitz

Alluitz Abadiñon dago eta 1034 metro ditu.

Irteera berezia izan zen Alluitzekoa. Astxikin egon ginenean Egoitzek zera esan zidan: "ekainaren 9an goaz Alluitzera bertako buzoia berriz jartzera. Aspaldian buzoi barik dago gailur hori eta argazki zaharretan begira Indalecio Ojangurenen garaiko buzoiaren erreplika bat egin dugu eta egun horretan ipintzera goaz, animatzen zara?". Asko pentsatu gabe baietz esan nion, batez ere laguna dudalako Egoitz eta bestetik Indalecio Ojanguren pertsona garrantzitsua izan zelako gure klubean, Eibarko Klub Deportiboan.

Hala ere, bezperan Eibarko Itzulia eginda nengoen eta ez nekien aguantatuko ote zuten nere hankek... nere zorionerako ondo eutsi nion igoerari.

Astxikin egon ginen egunean bezala, hego aurpegitik ekin genion igoerari Atxarten kotxeak utzita, eskalatzaileek ezagutzen dituzten bide horietako batetik. Lehenengo "Eibartarren Espoloia" delakoa ederto ikusten den begiraleku batera igo ginen eta laino artean argazkiak atera ostean, gorako bideari ekin genion tontorrera bertara iritsi arte.

Han Egoitz eta Gotzonek bere lekuan jarri zuten buzoia eta baita ondo lotu ere. Bukatzeko bertaratutako guztiok Deporreko txartela sinatu eta buzoian utzi genuen.

Itzultzeko hainbat proposamen izan ziren, horietako bat Infernuko Zubian zehar pasatu eta behera jaistea. Beste bat Artolako lepora jaitsi, Astxiki igo eta beste aldetik Astxikiko zuhaitzera jaistea zen (hemen zuhaitzari buruzko beste artikulu bat), handik Atxartera jaisteko. Azkenean Artolako lepora jaitsi ginen eta han zerbait jan eta edan ostean, Atxartera joan ginen zuzenean eta bertatik Abadiñora, sabela ondo bete eta etxera itzultzeko.

Ah, eta prentsan ere irten ginen, Anboto Durangaldeko Aldizkarian artikulua idatzi zuten, baina jakina Eibarko Klub Deportiboaren webgunean ere eta Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioan elkarrizketa egin zidaten honen inguruan.