nere gauzak

nere gauzak

Aldaon

Aldaon Gipuzkoako Aralarren dago eta bere 1409 metroekin Malloen parte da.

Eguraldi ona zegoen iragarrita eta Amezketara abiatu nintzen. Eliza ondoan kotxea utzi eta kanpaikadekin batera egin nuen gorantz Pernando Amezketarraren baserri ondotik minetako bidea deitzen zaionetik gora.

Minetako kasetak eta kableak dauden tokira iritsita Artubirako bidea hartu nuen, nire asmoa Malloak gailurrez gailur zeharkatzea Artubitik Intzako Dorreraino.

Artubira heltzean Balerdira joan nahi zuten gazte zarauztar batzuei adarra jo eta Malloen zeharkaldiari ekin nion: Artubi, Urakirru, Elikaitz, Beoin, Egurbide eta Aldaon. Handik Intzako Dorrera eta ondoren Igaratzarako bidera jaitsi nintzen. Lasai antzean bazkaldu eta eguzki ederraren pean beherako bidea hartu nuen Pardeluts ingurutik berriz ere minetako bidera iristeko.

Amezketan zerbait hartu ostean, Abaltzisketa eta Larraiztik zehar pasatu nintzen inguruak nola zeuden ikusteko: kotxe, furgoneta eta autokarabanaz josita zegoen guztia: jendeak aire librean ekintzak egin nahi zituen, artean herri askotan tabernak itxita zeuden-eta.