Adi

Adi Erron dago, Nafarroan, eta 1457 metro ditu.

Eibarko Klub Deportiboaren Ezkabako Ihesaldiaren proiektuaren barne egindako ibilbidea da hau. Nahiz eta jatorrizko Ezkabako Ihesaldiaren parte ez izan, Sorogain eta Urepel arteko ibilbide hau egin genuen irteerara joandako batzuk.

Sorogainko aterpean hasi eta GR-10a hartu genuen, Odia erreka eta basoan zehar Aratungo leporaino doana. Basoa zoragarri zegoen, berde-berde hosto irten berriekin. Erreka, basoa, zuhaitzak, ingurua, zoragarriak dira!

Basoan zehar Aratunera iritsi ostean, atseden eta arnasa hartu eta Adiren aldapa gogorrari ekin genion. Lastima gailurrera iristean behelainoa nagusi zela eta ez zela ezer ikusten.

Jaitsiera beste aldetik egin genuen Isterbegirantz eta orduan jaso zuen egunak: ze polita ikusten zen Kinto_ko basoa eta inguru guztia. Dena berde-berde, hosto guztiek irten-berriak ziruditen.

Ibilbidea Urepelen amaitu genuen, baina aukera dago berriz ere Sorogainera iristeko, ibilbide zirkular bat eginez.