Abuztuak 20: Challet du Clot aterpetxea - Baysselance aterpetxea

Egun hau egutegian markatuta genuen: Oulettes-Gaubeko aterpera iritsi eta Vignemaleren hormei begira tontotuta gelditzekoa. Aurretik 14 kilometro t'erdi baina 1540 metroko gorako desnibel metatua. Toma.

Gaubeko bailaran zehar goraka ibilbide erraz eta zoragarria egin genuen aterperaino (8 kilometro t'erdi eta 700 metro inguru goraka, erraz egiteko bidea). Eta aterpearen aurrera iritsita Vignemalera begira gelditu ginen. Horiek hormatzarrak! Horiek harriak! Glaziarraren zatitxo bat ere ikusten zen, izotz urdin eta guzti.

Handik Ossueko mendilepora igo behar ginen eta ondoren 10 minutura dagoen aterpera jaitsi. Mendilepotik bertan Petit Vignemale gailurra dago, orduerdian inolako zailtasun gabe egin daitekeena, eta hau ere hiru milakoa. Horra ere abiatu ginen bada, eta laster baten egin genuen bertara, Eskoriatzako familia bat mendilepoan agurtu ostean.

Baysselanceko aterpea, Pirinioetako altuena omen da 2650 metrotan egoteagatik. Haizea zakar zebilen arratsalde hartan, baina bistak merezi zuen. Perdido eta Taillon ingururantz, Gavarniko zirkurako ikusmira zoragarria zegoen. Han egon ginen ilunabarrean Perdido gaineko lainoak joango ziren ala ez begira. Azkenean laino eta guzti atera behar izan genituen argazkiak.

Ah, eta gaueko haizearen uluak beldurtzeko modukoak. Ohean, hotzari aurre egiteko motxilan generaman guztiarekin sartu ginen. Gau hotza izan zen.