Abuztuak 19: Respomuso aterpetxea - Challet du Clot aterpetxea

Etapa luzea laugarrena 18 kilometrokoa, baina hori ez zen txarrena, jaitsiera oso luzea genuen aurretik Challet du Cloteraino, Pont d'Espagneraino. Bidean dagoen Wallon-Marcadau aterpetxea berregiten ari zirela-eta ezin baikenuen bertan ostatu hartu. Gainera bidean hiru mila metrotik gorako gailur bat egiteko aukera genuen. Horixe zen bezperan jarritako helburua.

Bezperan etorritako bidetik abiatu ginen goiz garbi-garbi baten Campo Planoko urtegiraino. Han bezperako bidea utzi eta Gran Fachako mendileporako bidea hartu genuen. Bide zoragarria benetan. Errekaren uren ondoan lehenengo eta Fachako iboietako elurraren ondotik ondoren ordu batzuetan iritsi ginen mendilepora. Han erabakia: ni bai, ni ez, ni bai, ... Hiruk ekin genion gailurrerako bideari.

Bidea ez zen oso atsegina izan, alde batetik haizeak jotzen zuen, bidean zehar hainbat harrespila topatu genituen eta mendi guztia "hautsita" aurkitu genuen, harri solteak nonnahi.

Poliki-poliki gora egin, han eta hemen eskuekin lagunduta aurrera egin eta ordubete inguruan iritsi ginen gailurrera. Hiru mila metrotik gorako nire lehenengo gailurra! Ah, eta nola ez, gailurrera iritsi eta bertan.... eibartar batekin egin genuen topo!

Bidezko argazkiak egin, paisaiaz gozatu, eibartarrari gure planen berri eman, berak bere planen berri (hura ibilbidea prestatu zuena, ene!) eta elkar agurtu ostean beherako bideari ekin genion. Mendilepoan zerbait jan eta denbora asko galdu gabe (buruan 17:00tarako iristea baikenuen) beherako bideari ekin genion.

Jaitsiera luzeari ekin genion Wallon-Marcadau aterperaino, han erreka-bazterrean beste ezagun batzuekin egin genuen topo, eurak Larribetetik zetozen eta gure aterpean hartu behar zuten ostatu, hori kasualitatea!

Zerbait jan ostean azkar batean ekin genion beherako bideari. Bailara zoragarria benetan Marcadaukoa eta eguraldi zoragarria han izan genuena. Jendetza ere izugarria, oso ibilbide polita eta erraza denez jende asko inguratzen da bertaraino.

Afari zoragarria eman ziguten bertan eta gaua ezin atseginagoa izan zen: zerua garbi eta tenperatura epela. Kanpoan lo egiteko bezalakoa!