Abuztuak 17: Arremoulit aterpetxea - Larribet aterpetxea

Etapa laburra zen oraingoa, 8 bat kilometrokoa, baina ibilbidea egiteko hainbat aukerarekin. Etxetik eramandako aukeretan, mapa gainean bakarrik egiten den bide horietako bat genuen marraztuta, jakina ezinezkoa zen hori egitea gurea bezalako motxila handi batekin.

Bezperan aterpeko arduradunarekin Palasera igotzeko aukera eztabaidatzen aritu ostean, goizeko eguraldia eta mendian zegoen lainoa ikusita, hori ere beste baterako uzteko erabakia hartu genuen. Hori horrela, eguna luzatu asmoz, Lie mendilepotik barrena joatea erabaki genuen.

Horretarako lehenengo Artousteko lakuraino jaitsi ginen eta handik egin genion Lie mendilepora igotzeari. Hura harritza! Azpiko Baboukou lakuetatik begiratuta harritza helduezina zegoen mendilepora iristeko, baina uste baino errazago heldu ginen bertara. Handik jeistean eskumara egiten duen bide bat hartu genuen, ia altuerarik galdu gabe beste mendilepo batera iristeko.

Bigarren mendilepoan sabela bete ostean beherako bideari ekin genion lasai-lasai eta Batcrabere lakuen ondotik laster baten iritsi ginen Larribet aterpera. Hori bai toki ederra Balaitus mendia aurrean duela eta toki ederrean! Bazkaltzen ere ederto eman ziguten eta eguna pasatzera edo eskalatzera etorritako hainbat euskaldunekin egoteko aukera eman zigun.