Abuztuak 16: Sallent de Gallego - Arremoulit aterpetxea

Lehenengo etapa 12 kilometro ingurukoa izan zen Sallent de Gallegon hasi eta Arremoulit aterpetxeraino. Aurtengoa uda berezia izaki aterpeetan neurri bereziak zueden, esaterako Frantziako aterpe guztietara 17:00ak aurretik iritsi behar ginen. Hala ere orduari asko begiratu gabe abiatu ginen Sallentetik.

Aguas Limpias deritzon ibaiaren haranean zehar gora egin genuen 6 bat kilometroan zehar eta bertan topatu genuen lehenengo bidegurutzea, kartel garbi batekin: "Arriel (lagos no)". Horixe zen hartu beharreko bidea, Arriel gailurrerako bidea, Sobako lepotik zehar.

Gure lehenengo asmoa Arriel gailurra egitea zen, baina mendilepora iristean haizea indartsu zebilen eta tenperatura nabarmen jaitsi zen, beraz hamarretakoa egin eta aurrera ekin genion. Bidea Arriouseko lakuraino jaisten da eta horixe aprobetxatu genuen bazkari-legea egiteko.

Jarraian Orteigeko pasabidea genuen aurrean. Aurretik interneten begiratuta pasabide arriskutsu gisa saldu ziguten. Egia esan amildegi ederra du alde baten, baina bidea ona da, hormari ondo eutsitako kable bat dago eta arazo nabarmenik gabe pasatu genuen ibilbidea.

Hura pasatuta aterpetxea bistan izan genuen. Toki ederrean dago benetan aterpetxe hau, izen bereko lakuaren ondoan eta Arriel eta Palas mendien arteko mendiek osatutako inguru baten. Ederra benetan.

Aterpean hainbat muga ezarrita zeuden, batetik afaltzeko txandak, bestetik aterpe barruko plaza kopurua txikituta zegoen eta kanpoan kanpainako ospitale baten antzeko kanpin-denda handi bat zegoen. Zorionez aterpe barruan lo egitea tokatu zitzaigun.