Abuztuak 19: Colomina aterpetxea - Palanca de la Molina parkina

Azken eguna eta aurrean 25 km. baina 500 m. eskaseko desnibela: Dellui mendileporaino igotzea besterik ez (2577 m.)

Bideak behera egin zuen lehenengo eta ondoren bertan behera utzitako trenbideetan zehar jarraitzen zuen Tort, Nariolo, Cubieso eta Eixerala lakuetan zehar leporako igoerari ekin aurretik. Lepora igota, Estany Long aterperaino (1985 m.) jaistea besterik ez genuen. Hori bai, bidean eibartarrekin egin genuen topo, nola ez.

Gurekin batera Colominatik irtendako valentziar batzuekin egin genuen topo Longeko aterpean. Eurak Ventosaraino joan behar ziren baina ez zeuden gustura. Minez omen zetozen, eguraldi aldaketa espero zela esan zieten aterpetxeko arduradunak eta Contraix igo behar zuten... Gure bidetik jaitsi eta taxia hartzea erabaki zuten berriz ere Cavallerseko urtegira eta handik Ventosara igo, lo egiteko tokia hartuta baitzuten.

Aterpean azken zigilua jaso eta Contraixera begira gelditu ginen, lehenengo egunean egindakoa gogoratuz. Bazkaldu ostean kotxerako bidea hartu genuen eta uste baino lehenago iritsi ginen bertara.

Handik hotelera itzuli ginen azken astean bizitakoa kontatuz eta oroituz. Batez ere taxia hartu zuten valentziarrak izan genituen gogoan, gure ustez inolako arazo gabe egin zezaketen eta Ventosarainoko bidea, eguraldia ez baitzen aldatu gauera arte. Hori bai, aldatu zenean horiek bai trumoiak, tximistak eta euri zaparradak!