Abuztuak 18: Josep Maria Blanc aterpetxea - Colomina aterpetxea

Goiz irten ginen hemendik ere, Monestero, Peguera eta Saburó gailurrak igo nahi zituen mendizale batekin batera. Berak Monesterorako bidea hartu zuenean guk GRari jarraitu genion eta laku hartean iritsi ginen Saburoko mendilepora.

Haize desatsegina zebilen arren, gora egin genuen harrespilei jarraituz Saburó gailurreraino (2906 m.). Azken zatia ez zitzaigun atsegina egin, harri handiekin eta haizearekin ez zen giro han goian. Hala ere gailurreraino iritsi ginen. Beno, gailurra-edo esan beharko dugu. Gailurrean 2 metrotik gorako harritzarrak baitzeuden eta ezinezkoa zen goraino igotzea. Mendikateko azalpenak dioen bezala: "Se trata de un caos de bloques. El punto mas alto es el bloque inclinado que aparece a la derecha de la cumbre, que para mi es inexpugnable, de acceso nada sencillo."

Mendilepora berriz jaitsita Saburoko lakua ia hutsik ikusi genuen, Estany de Mar dotore asko zegoen zeru urdin eta lainoen isladarekin eta Estany de la Frescalen ondoan egin genuen bazkari-legea Colomina aterpetxera (2420 m.) iritsi aurretik.

Aterpetxera bidean haizea ez zen gelditu eta lainoak are eta ugariagoak ziren. Eguraldiaren aurreikuspenak ez ziren onak eta euria emanda zegoen iluntzerako. Hala ere, ez zuen tantarik ere egin, haizea ordea gelditu ere ez zen egin.

Aterpera iristean benetako hotela huraxe zela konturatu ginen: guztiz berriztuta, jangela itzela, bailararako ikuspegi paregabea, logela zabal eta ederrak, gure oheek gainera bailararako ikuspegia zuten, eta ez zegoen hainbeste jende! Ondoren jakin genuen aterpetxerako ibilbidea hain zaila ez dela, teleferiko batek nahikoa gertu uzten duela jendea, hala ere ez zebilen hainbeste jende eta asko disfrutatu genuen bai egonaldiaz, zein afari eta gosariez.