Abuztuak 17: Ernest Mallafré aterpetxea - Josep Maria Blanc aterpetxea

Goizean goiz esnatu eta bideari ekin genion. Aurrean 10 km. eta 1000 metroko desnibela genituen. Monestero ibaiaren ondotik hasi ginen bide eder baten zehar, ia lehortuta zeuden lakuen ondotik, Monesteroko leporantz igotzen duen bideraino. Han eguneko zati zailena hasi zen: lehenengo aldapa pikoa, ondoren harritzarrak eta azkenik, lepoaren azken metroetan, aldapa pikoa eta harri koskor solteak. Kostata baina mendi-lepora goiz iritsi ginen.

Mendilepoa Monestero (2864 m.) eta Peguera (2982 m.) gailurren artean dago. Lepoan beste lagun batzuekin egin genuen topo eta Peguerara igotzea posible zela esan ziguten. Ohiko bidea mendiaren beste aldetik omen doa, baina hemendik ere harrespilei segika posible dela igotzea. Animatuta markei jarraitu eta gora egin genuen, lehenengo bide errezean, ondoren eskuak ipintzen baina arrisku gabe eta bat-batean markak desagertu baina aurrera egitea posible zen leku bakarretik. Ez genuen, ordea, aurrerako bidea garbi ikusi, hala-holako pasabide bat izan genuen aurrean eta 2950 metrora buelta hartu genuen. Mendi lepora bueltan beste lagun koadrilla bat agertu zen Peguerara bidean. Gurea kontatu genien eta eskumaragoko beste bide baten zehar egin zuten gorantz. Handik denbora batera itzuli egin ziren eta ezin izan zutela aurrera egin esan ziguten.

Beherako bideari ekin genion eta laku baten ondoan egin genuen bazkari-antzekoa, errekan hankak freskatzen genituen artean. Handik Josep Maria Blanc aterpetxerako (2350 m.) bidea hartu genuen. Bidean topo egin genuen guztiek esan ziguten aterpetxea oso ondo zegoela, hotela zirudiela, zerbitzu ona zuela, ... Heldu ginen, baina hiru dutxetako bi izorratuta zeuden, jende asko zegoen bertan, eta hotelaren zerbitzu handirik ez genuen ikusi. Beno, agian garagardoa eta kreditu txartela :)