Abuztuak 16: Saboredo aterpetxea - Ernest Mallafré aterpetxea

Berriz ere eguraldi ederrarekin esnatu ginen eta Port de la Ratera de Colomerserako (2572 m.) bidea hartu genuen. Nahiko azkar iritsi ginen bertara eta gailurrera igotzea erabaki genuen. Laster baten igo ginen Tuc de la Rateraren bi gailurretara (2861 m.) . Oraingoan ere ikuspegi paregabea genuen aurrean.

Handik Amitges aterpetxeraino (2365 m.) jaitsi ginen. Hori bai hotela. Guztiz berriztuta, handia, tabernarekin, ... eta berriz ere jende ugari. Normala da, Land Rover bidezko taxiak ateraino eramaten zaitu-eta...

Handik behera egin genuen gure helmugara iritsi nahian, baina pistatik joan beharrean bide alternatiboak bilatzen jardun ginen eta zati baten GR-11ren ondotik eta ondoren Sant Maurici lakuaren begiralekutik zehar lakua inguratuz iritsi ginen lakura bertara. Gure aterpetxea, Ernest Mallafré izenekoa (1950 m.), hantxe bertan zegoen. Aterpetxea ez zen beste munduko ezer, egia esan egon garenetan ziztrinena iruditu zitzaigun.

Ipar Euskal Herriko lagun batzuekin egin genuen topo bertan, eta baita Azpeitiko familia bateko kide batzuekin ere. Hauek Espotetik eguna pasatzera etorrita zeuden eta ibilbide zirkular bat egin zuten, Blanc aterpetxetik pasatuta.

Taxiak erraz igotzen dira bai Blancera eta bai Mallafréra, beraz eguneko irteera egiteko toki aproposa da.