Abuztuak 15: Restanca aterpetxea - Saboredo aterpetxea

Etapa luzea hau ere, 14.5 km eta 1250 metroko desnibelarekin. Hori horrela, goiz esnatu eta gosaltzea erabaki genuen eta zaindariak sukaldea zabaldu orduko ilaran geunden.

Goizeko lehenengo eguzkiarekin dotore ikusi genuen Cap deth Porteko lakua, argazkietan garbi ikusten da hori. Ondoren ibilbide gora-beheratsuan zehar egin genuen aurrera Caldeseko portura (2567 m) eta handik beherako bide luze Colomerseko aterpetxera (2135 m.). Colomerseko urtegia ur gutxirekin ikusi genuen, ura batetik bestera mugitzen arituko zirela esan zigun norbaitek.

Hara iritsi orduko igarri genuen jai eguna zela. Colomerseko aterpetxera erraz iritsi daiteke herritik eta eguna pasatzera igotako jende ugari topatu genuen bertan.

Gure bideari jarraitu genion Gran Sendrosako leporantz, eta igotzen hasi ginenean lainoa sartzen zela konturatu ginen. Hala ere eguna garbia zen eta azkar batean garbitu zuen goian. Gorantz gindoazela, emakume korrikalari batekin gurutzatu ginen, Colomerserantz zoala esan zigun baina gero buelta egin behar zuela. Aldapa pikoan gora jarraitu genuen eta Gran Sendrosako lepoan bazkaltzera gelditu eta handik lasterrera agertu zen berriz korrikalaria, azkenean buelta erdia ematea erabaki zuela eta Saboredora zoala esan zigun, hantxe elkar ikusiko genuela esan genion.

Handik jaitsi eta laku, behi eta harri artean iritsi ginen Saboredoko aterpetxera. Aterpetxe berezia zalantzarik gabe: txikia, txukuna, berritua zirudien eta jende oso atsegina bertan. Korrikalariarekin egin genuen topo bertan, familia guztiarekin zegoen bertan. Bere seme-alabekin aritu ginen xakean eta kartetan.

Hori bai, aterpetxera heldu eta berehala behelainoa sartu zen, tenperaturak behera egin zuen eta ez zen ezer ikusten.