Abuztuak 14: Ventosa i Calvell aterpetxea - Restanca aterpetxea

Aurreko eguneko etapa luzearen ostean, hurrengoa laburra egin nahi izan genuen. Horretarako Ventosa i Calvell aterpetxetik abiatu eta Restancara heltzea zen gure helburua 6 km eskas eta 400 metro inguruko desnibela eginda.

Lasai gosaldu genuen eta aterpetxetik berandu irtetea erabaki genuen presarik bat ere ez genuelako. Horregatik zortea izan genuen eta aterpetxera jatekoa eta bestelako gaiak zekartzan helikopteroa ikusteko aukera izan genuen. Minutu erdian ortzemugatik agertu, gauzak utzi eta berriz ere alde egin zuen. Gero jakin genuen horrelako zerbitzu baten kostua ordu bakoitzeko 2000 € ingurukoa dela.

Beraz Estany Negre behean utzi eta karteletan jarritako bideari jarraituz ekin genion ibilaldiari. Lehenengo egunean eman ziguten mapan beste bide bat zegoen markatuta Restancara iristeko, baina guk karteletan zegoena egin genuen. Egia esan, berandu konturatu ginen mapan beste bat zegoela... baina bideko markak eta etxetik eginda eraman genuen plangintzak guk egindako bidea hobesten zuten.

Hainbat laku txiki eta handi atzean utzita berehala iritsi ginen Monges laku ondora. Han Pirinioetako zeharkaldia egiten duen GR-11rekin egin genuen topo, huraxe zen aterpetxeraino jarraitu beharreko bidea. Hala ere oraindik goizegi zen eta Montardo igotzea erabaki genuen. Bidegurutze hartan bertan Aragoiko bi lagunekin egin genuen topo, bat leher eginda zetorren eta aterpetxerako bidea hartu zuen, bestearekin batera egin genuen igoera. Uneoro gorantz egiten zuen bideak ez zuen inongo zailtasunik eta laster baten igo ginen gailurrera. Bertatik, eguraldi onak lagunduta, ikuspegi paregabeaz gozatu genuen: Aneto alde batera, Bereteko pistak bestera, ... ia-ia itsasoa ere ikusten zen :)

Igotako bidetik jaitsi eta Mongeseko lakuaren ondoan bazkaldu genuen berriz ere bideari ekin aurretik. Handik aurrera Restancara beherako bidea besterik ez dago eta Cap deth Porteko lakuan zehar iritsi ginen Restancara.

Toki ikusgarrian dago Restanca, izen bereko urtegiaren ondoan eta ur-jauzi eder baten oinean. Ur-jauzira eta urtegira begira, eguzki ederretan igaro genuen arratsaldea.