Abuztuak 13: Parking Palanca de la Molina - Ventosa i Calvell aterpetxea

Lehenengo etapa luzea izatea planifikatu genuen, 21 kilometrokoa. Arrazoia sinplea zen: aterpeen erreserbak egin genituenean (maiatza inguruan), Estany Llong aterpea beteta zegoen eta beraz "salto" egin behar genuen. Ibilbideak aztertzen aritu ginen eta salto egiteko modu egokiena bertatik hastea zela ikusi genuen horrela lehenengo egunean bertan hartuko genuen ibilbidearen hasiera kita eta azken zigilua ere bertan hartu.

Hala ere horrek bide luzea uzten zigun aurretik, eta gainera Contraixeko lepotik pasatu behar ginen. Edonola ere, lehenengo eguna zela eta ondo ikusi genuen ibilbide hori egitea.

Gainera ez genuen taxirik hartu aterpera hurbiltzeko, kotxea Palanca de la Molinako parkingean utzi (hortik aurrera ezin da kotxean igo taxian ez bada), eta bertan hasi ginen oinez, ondo seinaleztatutako bide baten barna.

Bideak poliki poliki egin zuen gorantz (1386 metroan hasi eta 1825 metroraino, 7.5 kilometro), taxiak heltzen diren mugaraino. Handik aurrera, erreka ondoko bide zabal baten zehar 1990 metrora dagoen aterpera joan ginen, beste 4 kilometro eginez. Guztira 3 ordu inguru.

Han zerbait jan ostean, bidearen zati zailenari ekin genion, Contraixeko lepora igotzeari hain zuzen ere, 2748 metrora. Bertara iristeko beste 3 ordu behar izan genituen, bide eder baina piko baten zehar. Zatika mendi-bidea, harrixka eta harritzarrak izan genituen Contraix lakuraino. Handik harritzarretan lehenengo eta harrixka soltean zehar lepora heldu ginen.

Zerbait jan ostean beherako bideari ekin genion, eta hura bai bidea: harritzarrak nonahi, batetik bestera ia saltoka, ... Geure buruari esan genion eskerrak beherantz egin genuela bidea eta ez gorantz... Eta bidean aurkitu genituenen aurpegiek ere horixe zioten...

Azkenean, harritzarrak bukatu ostean, laku pare baten ondotik lasai lasai iritsi ginen Ventosa i Calvell aterpetxera. Gainera euskaldun batek atenditu gintuen, zorionak Uxue!! zure urtebetzea zen-eta!!

Ederto afalduta ondo merezitako atsedena hartu genuen, lagun batzuekin partxisean aritu ostean.